XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sai haundi jatun bat baino gehiago, haragitzarren usainera, gehiegi hurreratu nonbait kable hondagarri haietara eta halako juztizia poetiko batek jo eta garbi utzi zituen.

- Ez dira inoiz eskarmentatzen - esan zuen uniforme berdedun pilotuak, beren azpian, lur gainean zeuden eskeleto haik seinalaturik.

Eskarmentatuko ere ez, gaineratu zuen parreka, animalia elektrokutatu bakoitzetik halako tantu bat balu bezala.

Bernardek ere parre egin zuen.

Bi soma gramoei eskerrak, zerbaitegatik parragarri iruditu zitzaion txistea.

Parre eginez gero, ia berealaxe, loak hartu zuen.

Eta lotan pasa zituen Taos eta Tesuco; Namba, Picorres eta Pojoaque, Sia eta Cochiti, Laguna, Acoma eta Mesa Encantada, Cibola eta Ojo Caliente.

Itzarri zenerako, Lenina maletak eramaten ari zen etxeto koadratu batera, eta mestizo Gamma berdea indio gazte batekin hizketan zegoen, erdara ulertezin batez.

- Malpais - iragarri zuen pilotuak, Bernard jautsi zenean.

Horra ostatua.

Eta arratsaldean dantza egonen da herrian.

Gizon honexek lagunduko zaitue - itxura zakarreko indio gaztea seinalaturik.

Dibertituko zaretelakoan nago - irriparre egin zuen.

Egiten duten guztia da xelebrea.

- Hitz hauk esanik, igon zen berriro aparatura eta motorrak martxan jarri zituen.

Bihar itzuliko natzaitzue.

Eta gogoan ukan gaineratu zuen, lasarazi nahiez, Leninari begiraturik, gogoan ukan mantsoak direla (...).